1964
badabil
zerbait
1964an, lehen aldiz gerratetik, igitaia eta mailua ageri zituen bandera bat ikus zitekeen Zinemaldira etorritako sobietar delegazioaren palkoan. Bazterrak asaldatu zituen.
Lau urte lehenago, Bertso Txapelketa Nagusiaren finala izan zen Victoria Eugenian, lehena 1936tik, eta hamarraldiaren amaiera aldera 'Ama-Lur' estreinatu ahal izan zen, zentsuraren kontra luze borrokatu eta gero; bestalde, Argia taldeak antzokira eraman zuen euskal dantza tradizionala.
Atahualpa Yupanqui, Serrat, Chavela Vargas, María Dolores Pradera, Mocedades edo Mari Trini etorri ziren, eta bertako rock taldeek, hala nola 'Los Corsarios', matinaletako kontzertuetan jardunda askietsi behar zuten; kontzertu haietan parte hartu zuten hasimasietan zen 'Ez dok amairu' kultur taldeko zenbait kidek ere: Mikel Laboak, Xabier Letek edo Lourdes Iriondok, besteak beste.
Antzerkian, isil samar hasieran, Brecht eta Camus programatzen hasi ziren, eta Adolfo Marsillach-ek Enrique Llovet-en 'Sócrates' aurkeztu zuen honako azpititulu honekin: "pentsatzen zuena esateagatik hildako lehen gizona". Euskal antzerki berri ezkonformista, ordea, Victoria Eugeniaren ateetan geratu zen, eta Antzoki Zaharrean hasi zen kokatzen. Hantxe egin zen 1970ean Festival Zero izenekoa, Estatuan egin zen Antzerki Independentearen Nazioarteko lehen Jaialdia, baina zenbait konpainiari jarritako zentsurak errebolta sorrarazi zuen, eta bertan behera utzi behar izan zuten. Victoria Eugenian egitekoa zen emanaldi bakarra ezin izan zen egin.
Ez zen Frantziako Maiatza, baina zerbait aldatzen ari zen.
CARTEL LIVING THEATRE
Living Theatre-ren probokazioa
1967ko azaroan, 'Jarrai' antzerki talde euskaldunak 60ko hamarraldiko konpainiarik hausleena ekarri zuen Victoria Eugeniara: New York-eko 'Living Theatre'. Antzokiko besaulkiak txima luzez, idealez, abangoardiaz, erreboltaz eta utopiaz bete ziren arratsalde hartan.
Beste zinea
Zinemaldian klasikoak eta sortzaileen belaunaldi berri bat konbinatzen ziren: Miguel Picazo, Basilio Martín Patino, Elías Querejeta, Antxón Eceiza, Terrence Malick, Francis Ford Coppola, besteak beste. Coppolak bere ibilbideko lehen saria jaso zuen 1969an, 'The Rain People' filmagatik.