donostiakultura.eus

1914

has bedi
festa!

Victoria Eugeniaren jardunaldiari hasiera emateko, antzerkia, opera, dantza eta musika denboraldi handiak izan ziren, baina baita beste erabilera herrikoiagoak ere. Zine-saioen osagarri, askotariko emanaldi ikusgarriak izaten ziren, edota zirkukoak zuzen-zuzenean; bertso-saioak, inauterietako dantzaldiak, eskola-funtzioak eta ongintza-galak ere noiznahi izaten ziren Gerra Zibila baino lehen.

Donostiarrek bazekiten hemen "berogailua egunero" zutela, bai eta era askotako ikuskizunak ere, maiz berritzen zirenak. Esate baterako, saio berean ari zitezkeen Raquel Meller kupletista, Sanz sabeliztuna eta Maxim II, "tximino bikain harrigarria". Edo Alba Tiberio "transformista ezin ezagunagoa", bere aita "Ursus" 'Quo Vadis'-ekoarekin, zeinek iltzeak ukabilka sartzen baitzituen, eta Bruna alanbrista. Akrobatak, ilusionistak, nanoak eta "dantzari exotikoak", hainbat 'troupe'tatik zetozenak, agertokitik ikusleak aho zabalik uztera.

1914tik aurrera, sistema mekaniko baten bidez, besaulki-patioa altxatu egiten zen, eta dantza-areto handi bihurtzen zen Inauterietan. Foxtrot, baltsa, txotisa eta txarlestonaren erritmora, han jarduten zuen jendetzak, eraikina mukuru beteta, bero-bero jaigiroan. "Pasabideetan, plateetan eta palkoetan, nonahi egin zen dantzan!".

"Emakume aktore lotsa gutxiko" baten kontra

Batzuei zirrara gaiztoa egiten zieten ikuskizunik ausartenek. 'La Constancia' "egunkari integro foruzaleak", Amélie Diéterie eta haren Komedia eta Vaudevillen Konpainia Frantsesa zetozela-eta, honelako harrera egin zien: "Emakume aktore lotsa gutxikoa, merezimendu nagusia itxuragabekeriarik higuingarri eta gordinenak aurkeztea duena". Zer ez ote zuten esango 1919an, 'varieté'en ikuskizun baten iragarkian agertutako akats anbiguo batez, non ikusleek zerbait hartzeko eskubidea zutela esan nahi eta "con derecho a consumación" idatzi baitzuten...

Txirrita bertsolariaren egun handia

1936ko urtarrilaren 19an, Victoria Eugenia Antzokia jendez bete zen, giro euskaltzalez, Bertsolari Egunaren bigarren edizioa zela-eta. Egun historikoa izan zen hura. Batetik, Jose Manuel Lujanbio 'Txirrita' ezagunari txapela jartzeko eta agur esateko eguna izan zen, handik hilabete gutxira hil baitzen. Bestetik, laster etorriko zen Gerra Zibilak urte askorako etengo zuen norgehiagoka hura.