donostiakultura.eus

1989

glamourra,
glamourra

Victoria Eugenian bizi izandako unerik gogoangarrienen artean, distira berezia du 1989ko irailaren 22koak.Altxatu da oihala, eta han dugu bera, Bette Davis, belus gorrizko soineko batez eta ahokoaren puntako zigarrokinetik kea dariola. 'Glamourra', zineak mito bihurtzeko duen gaitasun magiko hori, 81 urteko dama baten gorputz ahul baina tentean; hark bazekien bere bizitzako azken funtzioa antzezten ari zela.

LANA TURNER

Davisek Donostia Saria jaso zuen, Zinemaldiak 1986an sortua izar handien ibilbideari omen egiteko. Zine klasikoko hainbat aurpegi mitiko etorriko ziren gero hura jasotzera: Gregory Peck, Glenn Ford, Vittorio Gassman, Claudette Colbert, Robert Mitchum edo Lana Turner. Baita izar berriagoak ere: Susan Sarandon, Catherine Deneuve, Al Pacino, Jeremy Irons eta John Malkovich.

Zinemaldiak 'glamourra' berreskuratu zuen, eta, kostata, baina bere lekua egin zuen zinemaldi handien artean, 1985ean berriz ere A kategoria lortu eta gero. Victoria Eugenia Zinemaldiaren, erabateko erdigune 1998ko edizioan agur esan zuen arte, ilara luzeek inguratu zuten film eskandaluzko bat ikusteko, 'La última tentación de Cristo'; Batmanen itzal erraldoiak babestuta agertu zen; Rafaela Aparicioren jaitsiera ikusi zuen, 'Mamá cumple cien años'en bezala; Euskadiko Orkestra Sinfonikoari entzun zion Wellman-en 'Alas' jotzen; Calandako danborren hotsak dar-dar batean jarri zion besaulki-patioa, Buñuelen omenez.

Urrezko musikariak

Zine-izarrek bakarrik ez zuten dizdiz egiten Victoria Eugenian. Musika- koek ere bai. 1989an, urrezko ezteiak zirela eta, Musika Hamabostaldiak lagun sorta aparta bildu zuen: Montserrat Caballé, Teresa Berganza, Nicanor Zabaleta, Joaquín Achúcarro, Alicia de Larrocha, Orfeoi Donostiarra, London Symphony Orchestra, Michael Tilson Thomas, Easo, Ametsa eta Andra Mari Abesbatzak... Handik bi urtera, Asociación de Cultura Musical-ek ere 50. urte-urrena ospatu zuen; hurrengo urteetan, bakarlari eta zuzendari handiak ekarri zituen: Mstislav Rostropovich, Kristian Zimerman, Marilyn Horne, María Bayo eta Ivo Pogorelich, besteak beste.