'Pas
de basque'
Dantzaren egun gogoangarri batzuk Victoria Eugenia Antzokian.
'BALLETS RUSSES'
Diaghilev enpresaburu bat zen, garaiko dantzari onenak abangoardiako artistekin batzen jakin zuena: Picasso, Stravinski, Ravel edo Cocteau-rekin. Alfontso XIII.aren mezenasgoari esker, Errusiar Balletak zenbait aldiz izan ziren Victoria Eugenian; han estreinatu zituzten 'Las Meninas', mundu osoan estreinatu ere, Josep María Sert-en irudiekin eta Leonide Massine-ren koreografiarekin.
BALLETAK HAMABOSTALDIAN
Musika Hamabostaldiak dantza-ikuskizun handiak sartu zituen programazioan. 1948an, Roland Petit etorri zen, eta hurrengo hamarraldietan beste konpainia puntako batzuk; esate baterako, Cuevas Markesaren Balleta, Parisko Operako Balleta, Moisseiev Balleta, Tokioko Balleta eta London Festival Ballet.
ESPAINIAR DANTZA
Antonio koreografo jenialak askotan egin zuen dantza donostiarren aurrean; lehenik, Rosariorekin, eta gero bakarka. Bera izan zen espainiar dantzako dantzari mitikoen saga bateko lehena; ondoren, Pilar López, Antonio Gades eta Cristina Hoyos etorri ziren (azken bien 'Carmen'ek hautsak harrotu zituen); eta 90eko urteetan, Antonio Canales eta Joaquín Cortés.
EUSKAL DANTZA TRADIZIONALA
Argia Dantza Taldeak, Juan Antonio Urbeltz folklore-ikertzailea buru zuela, 'Axuri Beltza' aurkeztu zuen Victoria Eugenian, antzinako euskal dantza baten birkreazioa. 2009an 40. urteurrena zela eta berriro antzeztu zen. Euskal Dantza Tradizionalak beste momentu handiak lehenago ere bizi izan zituen antzokian: 1928an 'Saski-Naski' taldeak Maria Cristina eta Victoria Eugenia erreginen aurrean antzeztu zuten eta 1959an Olaeta Balletek 'Oinkarin' aurkeztu zuten Musika Hamabostaldian.
MAURICE BÉJART
Dantzaren izen handi bat zen Victoria Eugeniara etorri zenean, 'XX. Mendeko Balletarekin'; baina hamabi urte lehenago egin zuen debuta Donostian, Musika, Antzerki eta Dantzako Nazioarteko III. Jaialdian, Konstituzio Plazan. Dantzari taldeen artean, batek eragin zuen zirrara berezia: Victor Ullatek.
Bisita hartan, Béjart harremanetan jarri zen 'Anexa' donostiar konpainiarekin, zeina aitzindari baitzen Estatuan dantza garaikidean.
MAIATZA DANTZAN
Ekinbide hari esker, dantza garaikidearen kultura sendotu zen Donostian, eta harrobia sortzen lagundu zuen, ezbairik gabe. Maiatz bakoitzean, nazioarteko dantzako izen handiak etorri ziren Victoria Eugeniara: Cullberg-en Balleta, Carolyn Carlson, Trisha Brown, Martha Graham, Maguy Marin, Montecarloko Balletak, Nederlands Dans Theater edo Nacho Duatok zuzendutako Compañía Nacional de Danza. Jaialdi hura 2000. urtean egin zen azken aldiz; antzokia eraberritzeko itxi zen urtean, alegia.
ULLATEREN IKASLEAK
1989an bere konpainia berria antzoki honetan aurkeztu ondoren, Víctor Ullate dantzari-belaunaldi berri batekin etorri zen Maiatza Dantzan-era; laster ospetsu izango den dantzari-belaunaldi berri bat: Ángel Corella, Tamara Rojo, Igor Yebra, Lucía Lacarra, Leticia Izuzquiza eta Marta Rodríguez Coca.
IZARREN GALA
Musika Hamabostaldiak beti izan du dantza bere programazioan; aurreko edizioetan, ekarri izan ditu Roland Petit-en Marseilako Ballet Nazionala, Maia Plisetskayaren Bolshoi Balleta edo Alicia Alonsoren Kubako Ballet Nazionala, besteak beste. 1999an, izarren gala bat antolatu zuen, Euskal Herriko dantzariei harrera berezia eginez; parte hartu zuten Urtzi Aranburu, Carmen Corella, Blanca Li, María Giménez, Tamara Rojo, Lucía Lacarra, Jone San Martín eta Ion Garnikak besteak beste.
DANTZAREN HILABETEA
Donostiak urtero balletari egin ohi dion omenaldia Victoria Eugeniara itzuli zen antzokia berriro ireki zenean. Programazio berezi batek euskal panoraman diren nabarmenenak aurkezten ditu urtero: Malandain-Ballet Biarritz, Aukeran, Kukai, Acroindar, Verdini edo Dantzaz konpainiak; gaur egun Europan puntan dabiltzan dantzari handiak, hala nola Alicia Amatriain; asko eta asko, Donostiako akademietan hezitakoak.