donostiakultura.eus

1986

'etxe
handira'

1986ean Antzerki eta Jaialdien Udal Patronatua sortu zen, gero Kultur Patronatua, gaur egungo Donostia Kultura denaren hazia; Patronatuaren formulak kudeatzaile berrien eraginez jarduera gehiago egiteko bidea ematen du. Ia zinea besterik programatzen ez zuen areto bat izatetik, beste hainbat erabilera izatera pasatu zen: Publizitate Zinemaldia (geroago 'El Sol' izena hartu zuen), kongresuak, mitinak, Aktoreen Batasunaren galak, Parraldia klown-jaialdiak, rock-kontzertuak, bertso-saioak,... Eta hamabost urtez etorri gabe egon eta gero, 1987an opera itzuli zen Musika Hamabostaldira, 'El barbero de Sevilla'-rekin.

Hedapen horretan, Antzerki Feria sortu zen 1988an, eta, lau ediziotan, desagertu eta atzera DFeria izenaz itzuli aurretik, formatu handiko zenbait ikuskizun ekarri zituen. Antzerki Feriak balio izan zuen, halaber, ikusteko zein osasun ona zuen euskal antzerkiaren belaunaldi berriak: Antzoki Zaharreko agertokitik "etxe txikitik" Victoria Eugeniakora egin zuen salto, "etxe handira", Orain, Tanttaka, Ur, Teatro Estudio, Trapu Zaharra, Bederen Bat eta beste zenbaiten proposamenekin.

Hauekin, sona handikoak izan ziren beste zenbait talde pasa ziren, besteak beste, La Cubana, Pragako Antzerki Beltza, Tricicle, DagollDagom edo LindsayKemp. LaCubanaren udadenboraldiak, 'Cómeme el coco, negro' eta 'Cegada de amor' lanak izugarrizko arrakasta izan zuten hirian.

Antzerkilarien labealdi berriak jendea harritzen zuen ordura arte Victoria Eugenian erabili gabeko espazioak baliatuz. Els Comediants, Leo Bassi edo Trapu Zaharrak eskaileretara edo foyerera eraman zituzten beren performanceak. Clownart taldeak, berriz, sarrera nagusiaren gainean zintzilikatu zuen kide bat...

...eta Studio Hinderik herbeheretar konpainiak bai, erabili zuen agertokia, baina, tren-bagoi bat sartzeko!.

Ilarak kantautoreak entzuteko

Euskal antzerkia ez ezik, euskal musika ere indartsu sartu zen Victoria Eugenian. Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Xabier Lete, Imanol edo Ruper Ordorika ohiko izaten hasi ziren antzokian, eta askotan ilara luzeak egiten zituzten ikus-entzuleek. Kontzertu solteetan edo Aldundiarekin batera antolatutako 'Festaroa' zikloaren programazioan kantatzen zuten.