Ondoko aretoak berreskuratu ziren, barrua eraberritzeari ekin zitzaion, eta antzokirako sarbidea normaltzeko zeuden zenbait "pribilegio" deuseztatu ziren, ez zedin berriro gertatu Robert Altman-i gertatu zitzaiona: bere film baten proiekzioan, zer ikusiko eta... besaulki patioa gorri-gorri, hau da, huts-hutsik. Arrazoia? Gonbidatu ofizial asko ez ziren etortzen, gorako solairuak mukururaino beteta zeudelarik.
Eta amets zahar bat bete ahal izan zen: bertako orkestra bat izatea. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bere lehen emanaldia 1982ko Musika Hamabostaldiaren barne Victoria Eugenian egin zuen, herritarren artean sekulako bozkarioa sorraraziz.
Orkestrari esker, antzoki zaharraren bizitza piztu egin zen berriro, abonuko denboraldien bidez. Errepertorioko obra handiak eskaintzeaz gainera, euskal autoreen musika-lanak berreskuratu zituen, eta hezkuntza-jarduerak eta sinergiak sorrarazi zituen beste kolektibo batzuekin; esate baterako, 'Erreka-Mari' haurrentzako opera muntatu zen, Txotxongilo, Teatro Estudio, Antzerti Eskola eta Udal Kontserbatorioko Balletarekin lankidetzan.
Koroatze Meza hura
1986an, Antxon Ayestarán, Orfeoi Donostiarreko zuzendaria, auto-istripu batean hil zen. Jose Antonio Sainz Alfarok ordezkatu zuen; handik hilabete batzuetara, aurreko zuzendariak prestatutako azken kontzertua estreinatu zuen. Moskuko birtuosoek, Vladimir Spivakov zuzendari zutela, kontzertu gogoangarria eman zuten Orfeoiarekin; amaitu zenean, isiltasun osoa egin zen. Kanpoan, elurra ari zuen.