donostiakultura.eus

1936

besoak
gora

Gerra Zibilak ibilbide asko eten zituen, edo norabidez aldatu. Baita Victoria Eugenia Antzokiarena ere: bat-batean, gerrako agertoki izan zen, eta laster frankismoaren agertoki militante ere bai. Donostia jadanik "zona nazionalean" zegoe-larik, eta gerra artean ere amaitu gabe, berriro hasi ziren ematen zine-saioak, 1937ko martxoan; UFA alemanaren film bat izan zen lehena, 'Traidores' izenburukoa. Handik hiru hilabetera etorri ziren antzerki-emanaldiak, baina "aberriaren aldeko denboraldi" baten barruan, non, eszenak baino gehiago, erregimen ezarri berriaren printzipioekin bat egiteak balio baitzuen.

Garai hartan, funtzioa amaitutakoan besoak gora eta 'Cara al sol' kantatzen zen, eta zaurituei eta "martiri"ei omenaldiak egiteko erabiltzen zen eraikina, edota Movimientoko atalen ekitaldietarako. Antzerkigintzak sekulako indarra hartu zuen gerratean, aktore eta autore asko gure hirian babestu baitziren, eta esan daiteke alderdi "urdin"eko antzerki-hiriburu bihurtu zela Donostia.

¡Que vienen los húsares!

"Amaitu da gerra" iragarri zen egunean, Victoria Eugenia Antzokian 'Que vienen los húsares' opereta ari ziren ematen. Ondorengo urteetan, diktadura frankista osoa etorriko zen, zentsura eta errepresioa, eta Francoren ohiko presentzia, eta batez ere Carmen Polorena, Victoria Eugeniaren palko nagusian, 1943ko No-Doko ahots hanpatuak kontatua.

Okendo plazako bataila

Antzokia gerra-toki izatera iritsi zen une batez, Gerra Zibilaren hasieran. 1936ko uztailaren 23an, militar errebelde talde batek Maria Cristina hotela hartu du. Miliziano errepublikarrak pareko eraikinean sartu dira, Victoria Eugenian, handik hotelari eraso egiteko; baita lortu ere.

Eraikina desfile militar oso desberdinen lekuko izan zen. Sinesteak lanak ditu: sei urte besterik ez ziren pasatu 1932ko errepublikar desfiletik 'Alzamiento Nacional'aren bigarren urteurrena ospatzeko egindakora.

Euskarazko antzerki hura

Errepublika garaian, euskarazko antzerkia, ohikoa Antzoki Zaharrean, agertu zen Victoria Eugeniara ere. Euzko-Etxeako Talde Dramatikoak zenbait lan antzeztu zituen bertan. Abelino Barriolaren 'Goi argi' zela-eta, honela idatzi zuten 'El Pueblo Vasco'n: "Euskara hizkuntza landu gabea zela uste zutenek, inoiz ez zuela balioko ideiak adierazteko eta garatzeko, doazela antzokira, eta harrituta ikusiko dute zer egiten den gaur egun han".