donostiakultura.eus

1960

gau bat
operan

1959an, Alfredo Kraus-ek 'Rigoletto' abestu zuen Victoria Eugenian, arrakasta handiz abestu ere. Orduan, inork ez zekien operak krisialdirik okerrena izango zuela antzoki honetan, hasieratik bertatik beti izan baitzuen leku bat bertan. Batetik, orkestren eta artisten kaxetak asko garestitu ziren II. Mundu Gerra amaitu ondoren; bestetik, Italiako gobernuak diru-laguntzak kendu zituen. Halatan, bada, 1960an ezin izan zen egin Musika Hamabostaldirik. Hurrengo bi urtetan sartu-irten labur bat egin zuen operak, baina berriro desagertu zen ia hamar urtez; haren ordez, errezitalak eta kontzertu sinfoniko koralak izan ziren, eta, hein batean, antzerki-produkzio handiak.

Ez ziren batere garai onak lirikarako, baina, aleka-aleka, kantari handiak agertu ziren urte haietan ere: Victoria de los Ángeles eta Alfredo Kraus ezagunez gainera, orduan agertu ziren Teresa Berganza, Montserrat Caballé, José Carreras edo Jessye Norman, zeinak beren ibilbideen hasieran baitzeuden Victoria Eugeniara lehen aldiz etorri zirenean.

1969an, berriro izan ziren diru-laguntzak, baina hark ez zuen asko iraun. 1972an antzeztu zen opera bat azken aldiz; 80ko hamarkada arte, ez zen berriro operarik izango. Handikiro esan zuen agur, nola-nahi ere: Luciano Pavarottik 'La Bohéme' kantatu zuen 1972ean, Donostian izan den aldi bakarrean.

Hamabostaldirik gabeko 1960 hartan, hala ere, Alfredo Kraus Victoria Eugenian izan zen, Zinemaldian girotutako eszena batzuk errodatzeko 'El vagabundo y la estrella' filmerako.

Kontzertu sinfoniko koralak

1962an 'L'Atlàntida' kantata eszenikoa programatu zen, Jacinto Verdaguer-en hitzak katalanez zituela. Honen autorea zen Manuel de Fallak amaitu gabe utzi zuen eta Ernesto Halffter-ek bukatu behar izan zuen. Rafael Frühbeck de Burgos zuzendari zela, Victoria de los Ángeles, Espainiako Orkestra Nazionala eta Orfeoi Donostiarra aritu ziren. Han izan zen Franco bere segizioarekin.

Antzerki-produkzioak

50 eta 60ko hamarraldietan, askotan etorri ziren zenbait autore eta zuzendari: Miguel Mihura, José López Rubio, Luis Escobar, Alejandro Casona, Edgar Neville, José Tamayo, José Luis Alonso edo Adolfo Marsillach. Nabarmentzekoak, halaber, beren bizitza erdia antzoki honetan emandako bi aktore: Amparo Rivelles eta José María Rodero.