donostiakultura.eus

#VICTORIAEUGENIA
sare soziala

#VICTORIAEUGENIA sare soziala Donostiako Victoria Eugenia Antzokiaren historiaren 100 urteen oroimenezko erakusketa bat da. 2012ko uztailean aurkeztu zen, Donostiako Boulevardeko Kutxa Aretoetan, eta jendeak harrera beroa egin zion.

Donostia Kulturak eta Morgancreak ekoitzi dute, eta Kutxarekin lankidetzan antolatu da.

Erakusketak dokumentazio ugari jartzen du ikusgai, hainbat iturritatik hartua: Kutxateka, El Diario Vasco, Donostiako Zinemaldia, Musika Hamabostaldia, Eresbil, Donostiako Orfeoia, Donostia Kultura, San Telmo Museoa, Euskadiko Filmategia, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Aranzadi, Koldo Mitxelena Kulturunea; bai eta zenbait partikularrek emandakoa ere, eta Idoia Unzurrunzaga, Lolo Vasco, Isabel Azkarate, Gorka Bravo, Iñigo Royo, Juan González Andrés eta beste zenbaiten argazkiak. Ibilbidearen azkenean, 2.0 alde bat dago, non Victoria Eugeniaren azken etapa kontatzen baita antzokiaren erabiltzaileen 150 irudiren bitartez.

Erakusketako ibilbideak lau esparru ditu, antzokiaren lau alde gogorarazten dituztenak: frisoa, foyerra, agertoki-ostea eta beheko jarlekuak...

Gainera, antzokiaren jatorrizko zenbait osagai jarri dira erakusgai: besaulkiak, errezelak, foyerreko besaulkia edo makillatzeko mahai aspaldiko bat.

Antzokiaren historiari egiten zaion ibilbide kronologikoaz gainera, haren horma artean gertatu diren ezin konta ahala historia eta pasadizoen artetik, batzuk berreskuratu nahi izan ditugu. '100 urte, 100 istorio' bideoinstalazioari esker, pasadizoak, gogoetak edo bizipenak entzun ahal izango ditugu protagonisten ahotik: artista, kudeatzaile edo, besterik gabe, ikusleen ahotik...