donostiakultura.eus

1999

argia
itzali

Agur luzea izan da. Goitik behera eraberritzeko itxi arte, 2000ko irailean, Victoria Eugeniaren argia itzaliz joan zen pixkanaka, une distiratsuak eta hondatzen ari zelako zantzuak konbinatuz. 1993an agertokiko orrazia askatu zenetik, antzokia lan handien beharrean zen. Ajeak 1997ko Zinemaldiko amaiera-ekitaldian geratu ziren agerian, David Fincher eta Michael Douglas-en 'The Game'-ren proiekzioa eten behar izan zenean, sistema elektrikoan izandako matxura batengatik.

Zinemaldiak 1998ko edizio glamourrez betean esan zion agur Victoria Eugeniari;'La máscara del zorro' filmeko hirukotea izan zen protagonista: Antonio Banderas, Anthony Hopkins eta Catherine Zeta-Jones. 1999n, Zinemaldia Kursaalen egin zen, eta antzokia Canal +en festarako baino ez zen erabili.

Musika Hamabostaldiak, berriz, bi auditorioetan egin zuen 1999ko edizioa. Antzokian, Beethoven-en lehen zortzi sinfoniak entzun ziren, eta Kursaalen bederatzigarrena, hau da, Hamabostaldiak Victoria Eugenian izan zuen lehen kontzertuan entzun zen berbera. Musikaldiak ere agur esan zion antzoki zaharrari, topa eginez eta Teresa Berganzaren errezitaldi gogoangarri batez: zazpi bis kantatu ondoren, ahozpez jarri eta muin eman zion agertokiko zoruari.

Antzokiak zabalik jarraitu zuen 2000ra arte. Maiatza-Dantzan desagertu zen, Golden Apple Quartet-ek zuzeneko disko bat grabatu zuen, eta Flotats-ek 'Arte' aurkeztu, baina argiak itzaltzeko ordua zen, denboraldi luze baterako.

Mikel Laboa, neurriz gain

Beste data garrantzitsu bat antzokiaren historian. 1999ko abuztuaren 5ean, Musika Hamabostaldiaren barruan, Mikel Laboak kontzertu handi bat eman zuen, ñabarduraz eta lankidetzaz betea, hasi txalapartatik eta leherketa sinfoniko-koraleraino; eta guztiari buru emateko, 'Gernika', 'Txoria txori' eta 'Baga, biga, higa' kantatu zituen Orfeoi Donostiarrak eta EGOk lagunduta. Entzuleak hunkituta geratu ziren. Kontzertu haren oihartzuna nabari da grabazioan, 'Gernika zuzenean 2'.

Jazza baita ere

Orain arte erabili ez zuen Donostiako jaialdietariko batek, Jazzaldiak, antzokiarekin harreman berantiar bati emango dio hasiera. 1990ean, Victoria Eugenia erabiltzen du bere 25. urteurrena ospatzeko. 1992an euritik babesteko antzokia erabili ondoren, bertan emango dio bukaera 1997ko ekitaldiari, Orfeoi Donostiarrak Duke Ellington-en musika abestuz. Harreman egonkor baten hasiera dirudi, baina berrikuntzak direla eta eten egingo da harremana.