Antzokiaren ezaugarriak
Victoria Eugenia Antzokia Maria Cristina Hotelarekin eta Okendoko lorategiekin batera eraiki zen eta guztien artean monumentu gisako espazio publikoa osatzen dute. Antzokiaren lursaila angeluzuzena da, eta 2.460 m2-ko azalera du.
Monumentu izaeradun eraikin honek garai hartan hain modan zegoen molde neo-platereskoko estilo eklektikoa du (1912an inauguratu zen). Proiektua diseinatzerakoan, Francisco Urcola arkitektoak garai hartan Paris eta Vienan eraikitako azken antzokiak izan zituen kontuan.
Fatxadak
Hareharrizko fatxadek konposizio ugari dituzte, bi arkitektura-ordena nabarmentzen dira eta atiko batek ordenen elkartze-sistema orokorra eragiten du. Horma-ataletako hutsuneak simetrikoki agertzen dira eta hiru zatiko konposizio ugariak dituzten arku eta ateburuekin tartekatzen dira, elkartze-ordenan. Atariaren altuera bikoitzak leiho handiagoak sortzen ditu eta, fatxadako ertzetan, loggia neoplatereskoz apaindutako eskailera-dorreak daude, albotako fatxadetako modulazio desberdinerako trantsizioa ahalbidetzen dutenak.
Atariko fatxadak korintiar estiloko zutabe ederrak ditu, binaka tartekatuak, sarrerako hiru ate handien eta solairu nagusiko balkoien artean. Aipagarriak dira balkoien apaingarriak, arkuetako izkinak, eta lore formak eta garaiko euskal pertsonaien bustoak agertzen dituzten espainiar plateresko estiloko medailoiak. Aipatzekoak dira, halaber, solairu nagusiko albo-terrazak eta bi dorre handiak –puntu erdiko arkudunak eta pinakulu askorekin apainduak-.
Alboko fatxadak luzeagoak dira, eta gorputz nabarmenagoa dute. Solairu nagusian fuste artekatuko pilastrez osatutako markoa duten balkoi zabalak daude, goiko pisuan tamaina txikiagoa duten beste batzuen antzekoak.
Barrualdea
Eraikinaren garaiko berrikuntza nagusietako bat foyerra izan zen. Areto nagusia ferra motakoa da eta besaulkiak, plateak, palko nagusiak eta eszenaurrekoak, anfiteatroa eta galeria edo paradisua ditu. Plateak, palkoak, mailadiak eta galeriak airean eraiki ziren, ikuspen ona lortzearren.
Antzokiko dekorazioan aipagarriena San Telmo Museoaren Kontserbazio eta Zaharberritze Departamentuaren gidaritzapean berriki zaharberritu diren hiru multzo piktorikoak dira.
Ignacio Ugartek margotutako ganga
1912an Ignacio Ugartek margotutako gangak eguzki atera berriaren alegoriaren irudiak dauzka; eguzkia hiru zaldik arrastaka daramaten gurdi batean dator, haur talde batek besoak zabalik izarra agurtzen duela. Alboetan, Donostiako egunsentia eta ilunabarra daude adieraziak eta, bien artean, Kasino Handia, Igeldo eta arkitektoaren erretratua ageri dira.
Txina aretoko pinturak
Txina gela Victoria Eugenia Antzokiko bigarren solairuan zegoen eta Pierre Ribera pintore euskal-frantsesak apaindu zuen 1924an. Bertako pinturek ekialdea zuten gaitzat; hegazti exotikoak, flamenkoak, kurriloak, loroak, faroltxo txinatarrak, landareak eta emakume-irudiren bat edo beste ageri dira. Obraren osagai gisa, egurrezko bi ate daude, egileak berak diseinatuak. Txina gela desagertu bazen ere, bertako pinturak zaharberritu eta Txina Aretoan daude gaur egun.
Foyerreko panelak
Foyerreko hiru pinturak Ascensio Martiarenak 1912an egindakoak dira. Osatzen duten hirukoteak friso moduan arte eszenikoetako hiru musa nagusiak adierazten ditu, hau da, Musika, Poesia eta Dantza.