Carmen Castillok jasoko du 2023ko Giza Eskubideen Zinemaldiaren Saria
Carmen Castillo zinegile txiletarrak jasoko du aurten Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren Saria. Sariaren entrega ostiralean, apirilak 21, 19:30etan Victoria Eugenia Antzokian ospatuko den inaugurazio emanaldian izango da.
Carmen Castillo Echeverría (Santiago Txilekoa, 1945) 1974ko urriaren 26an kanporatu zuen bere herrialdetik Pinochet jeneralaren erregimenak, 1973ko irailaren 11n estatu-kolpearen ondoren ezarriak. Estatu-kolpeak Unidad Popularren gobernu legitimoa kendu zuen, Salvador Allende presidente zuena. Hiru aste lehenago, urriaren 5ean, DINAk (polizia sekretu beldurgarriak) Santa Fe kaleko etxea eraso zuen; Santiagoko hegoaldeko komuna batean zegoen kokatua, eta bertan bizi zen Castillo klandestinitatean, bere lagun eta garai hartan MIReko (Movimiento de Izquierda Revolucionario) buruzagi goren Miguel Enríquezekin. Biak ziren diktaduraren aurkako Erresistentzia miristako kide. Enríquez bere bizitza eta bere lagun Carmenena defendatzen hil zen; Carmen larriki zauritu zuten haurdun zegoela.
Carmen Castillok Cambridgen hasi zuen bere erbestealdi luzea. Txileko Erresistentziarako laguntza bila munduan zehar alderrai ibili ondoren, 1976aren amaieran Parisen ezarri zen, eta bertan jarraitzen du bizitzen, nahiz eta 1988an, demokrazia berrezartzean Pinochetek plebiszitoa galdu zuenetik, gero eta egonaldi luzeagoak egiten dituen Txilen. Dena den, ez da inoiz behin betiko bueltatu.
Hogei bat dokumental zuzendu ditu. Horien artean Txileri, diktadurari eta bere erbestealdiari eskainitakoak nabarmentzen dira, besteak beste La Flaca Alejandra (1994), El país de mi padre (2004) eta Calle Santa Fe (2007). 2015ean On est vivants (2015) aurkeztu zuen. Un día de octubre en Santiago, Ligne de fuite eta Santiago-París. El vuelo de la memoria idatzi ditu; azkena aipatutakoa, bere ama Mónica Echeverríarekin batera.
Saria Aitor Mendizabal artista euskaldunaren biktima guztien oroimenezko Oroimena – Memoria izeneko monolitoaren erreplika da.
2007an eman zen lehen aldiz Giza Eskubideen Zinemaldia Saria, zinean dihardutenei giza eskubideen alde egin duten lana eta hartua duten konpromisoa aintzatesten duena. Urte hartan Pilar Bardem antzezleari eman zitzaion saria, giza eskubideak, demokrazia eta bakea defendatzen egin duen ibilbideagatik, eta kausa eta kolektibo kalteberenen alde erakutsi izan duen elkartasunagatik eta egin izan duen lanagatik.