"Zorretan" lanak irabazi du XXV. Donostia Antzerki Saria
Hika Teatroak sortutako Zorretan antzezlanak lortu du Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak antolaturiko XXV. Donostia Antzerki Saria.

Epaimahaiaren iritziz oso modu egokian daude ekarrita taulara antzezlanean jorratzen diren gai sakonak: amatasuna, ama-alabaren arteko harremana, zaintza, maitasuna, dolua... Eta gai hauek planteatzeko modu eta ikuskera ugari erabili ditu egileak.
Balioan jarri du ere, gaiari buruzko beste begirada bat landu izana. Ama-alabaren arteko harremanei, zaintzari edo maitasunari buruz gizartean errotuta dagoen iritzia edo ikuspegia zalantzan jartzen ditu antzezlan honek, eta hausnarketa sorrarazten du horren inguruan. Gainera, gaia hain sakona izaki, absurdoa eta umorea erabiltzen dira publikoarengana hurbiltzeko modu ezin hobean. Epaimahaikideen esanetan "antzezlanak badu beste alde indartsua: jakin-minak bukaera arte irautearena".
Bestalde, antzezleen lana nabarmendu nahi izan du epaimahaiak, "indar handiz eta irudimenez beterik taularatu dute lana eta umorea, absurdoa eta drama uztartzeko gaitasun paregabea dutela erakutsi dute".
Azkenik antzerki lanaren osotasuna, zuzendaritza lana eta testuaren egokitasuna ere goraipatu dira. Bereziki azpimarratu da euskaraz sortutako testua izatea eta egileak berak maisuki zuzendua izatea.
Hika Teatroak 12.000 euro eta Juan Ignazio Mendizabal "Mendi" artistaren eskultura jasoko dituzte sari gisa. Saria emateko ekitaldia martxoaren 27an izango da, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, 19:30ean, Victoria Eugenia Antzokian. Ekitaldiaren hasieran saria eman eta gero lan irabazlea eskainiko da.
Gonbidapenak martxoaren 25ean egongo dira eskuragarri Victoria Eugenia Antzokiko leihatilan, goizeko 11:30etik aurrera.