Zinema espainiarraren eta japoniarraren presentzia nabarmena Beldurrezko Zinemaren Astean
Urriaren 27an, ostirala, Vermines (2023) film frantsesak, Sébastien Vaniček zuzendari duenak, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 34. Astea inauguratuko du Antzoki Zaharrean. Junta Yamaguchiren River (2023) filmak leku berean itxiko du Astea azaroaren 3an.
Bi data horien artean urte honetako fantasiazko zinemaren titulu onenen aukeraketa bat proiektatuko da, film luzeak eta laburrak. Guztira 32 film luze eta 38 film labur proiektatuko dira aurten. Bestetik, hainbat jarduera egingo dira programazioa osatzeko.
Antzoki Zaharra izango da jaialdiaren egoitza nagusia, eta bertan Asteko film luzeen sail ofiziala osorik proiektatuko da, 23 tituluz osatua.
Victoria Eugenia Antzokian, gazteentzako saio berezietan, Lonely Castle in the Mirror (2022) animaziozko film japoniarra proiektatuko da, eta Gaztearekin elkarlanean, Karusell (2023) film suediarra. Nazioarteko eta animaziozko film laburren maratoiak eta, lehiaketatik kanpo, euskal film laburren erakustaldi bat ere egingo dira. Gainera, La ermita filmaren −euskal koprodukzioa− bigarren emanaldi bat eskainiko da.
Tabakaleran She Is Conann (2023) eta Club Zero (2023) film luzeak proiektatuko dira.
Aurten, sorginkeria da Astearen leitmotiva, Itziar Ituño protagonista duen kartel ofiziala ikusita antzeman daitekeenez. Gai horri buruzkoak dira ere erakusketa bat, Elisa McCausland eta Diego Salgadoren Beso negro: Brujería, cine y cultura pop liburua, Hermenauterekin batera argitaratua, eta 2000maniacos fanzinea, klasiko bihurtua.
Sorginkeriaren ingurukoa da ere Astearen hasierako kale festa. Donostiako Bulebarra, zehazki Kioskoaren inguruak, Sorgin-Conen agertokia izango da, eta kalejirak eta era guztietako jarduerak, sorginenak, egingo dira bertan emango dituzten tailerretan.
Bestalde, urriaren 21ean, Bang Bangek saio bikoitza emango du Antzoki Zaharrean, Astearekin lankidetzan. Saio horrek urteko programazioa irekiko du eta 28 Days Later (2002) eta Old Boy (2003) ikusi ahal izango dira.
Victoria Eugenian haurrentzako zinema emanaldi bat (Boo Kwai eta museoaren lapurreta, 2022) eta Kresala zineklubarekin lankidetza (Tiger Stripes, 2023) izango dira aurtengo Astearen programazioaren osagarri.
Hiru erakusketa biltzen dira programazioan: Fantasiazko zinema japoniarraren ikonoak – Aguilar-Haraguchi Bilduma Okendo Kultur Etxean, Japonia Fundazioaren eta Euskadi Japonia 2023ren laguntzarekin antolatua; Bruixes – Sorginak – Brujas. Akelarre ilustratua Udal Liburutegiko Ekitaldi Aretoan (San Jeronimo); eta Sorgin seinalea (Gregorio Muro Harriet & Daniel Redondo) Liburutegi Nagusian (Alderdi Eder), Euskadi Fantastikoaren hemeretzigarren edizioan.
Beste jarduera batzuk ere agertzen dira programan: Fanzineen Gerra klasikoaren 8. edizioa eta Beldurrolaren bigarrena, oraingoan sorginkerian oinarritutako euskarazko rol jokoen saioekin. Bestetik, aukera izango da Donostia Beltzan zehar gaueko ibilaldi batzuk egiteko eta Itsas Museoan Grillos Navajerosen saio berrira bertaratzeko.
Edizio honetan Noviembre Fantasma online hedapen kanalak bere jarduerekin jarraitzen du; kanal hau Fancine (Malaga), TerrorMolins (Molins de Rei) eta Isla Calavera (La Laguna Hiria-Tenerife) jaialdiekin lankidetzan sortua da.
SARREREN ETA ABONUEN SALMENTA
Urriaren 20an, ostiralean, 11:30ean jarriko dira salgai abonuak Antzoki Zaharreko leihatilan, eta presentzialki bakarrik eskuratu ahal izango dira. Urriaren 23an, astelehena, sarrera solteak jarriko dira salgai, ordu berean, Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eta Donostia Kultura webgunean.