Zea Mays talde bizkaitarrak jasoko du 2023ko Adarra Saria, Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak banatzen duten hamargarrena, hain zuzen ere. Ekainaren 21ean, arratsaldeko 19:30ean, Victoria Eugenia Antzokiko oholtzan jasoko du saria eta segidan kontzertua eskainiko du. Kontzerturako sarrerak datorren astelehenean, maiatzak 15, jarriko dira salgai, goizeko 11:30ean.

2023.05.12

Halaxe erabaki dute Juan González Andrés kazetariak, Sara Zozaya musikariak eta Esther Fernandino Donostia Kulturako Musika teknikariak osatutako Aholku Batzordeak.

Zea Maysek ekainaren 21ean, Musikaren Europako Egunean, Victoria Eugenia Antzokiko oholtzan jasoko du Marijose Rekalde eskultoreak egindako sariaren garaikurra, Donostiako alkatearen eskutik, eta segidan kontzertua eskainiko du kolaboratzaile talde zabalaz lagunduta.

Kontzerturako sarrerak datorren astelehenean, maiatzak 15, jarriko dira salgai, goizeko 11:30ean, 25 eurotan, Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta www.donostiakultura.eus/sarrerak webgunean.

Batzordearen argudioa

Batzordearen arabera, “Zea Maysek oso maila altuari eutsi dio kalitateari eta arrakastari dagokienez, 26 urteko musika-ibilbidean. Ikus-entzuleek eta musika munduko kideek aitortu egin diote eman duten guztia eta jarri duten bihotza. Nabarmentzekoa da, hain zuzen ere, hainbeste lankide izatea, diskoetan zein zuzenekoetan, bai Euskal Herriko artistekin eta bai nazioartekoekin. Euskal rockean eragin handienetakoa izan duen taldea da eta Euskal Herritik kanpo gehien estimatutako euskal banden artean kokatzen da; eurek plazaratutako hamaika diskoak dira horren erakusgarri”.

Zea Maysekoen adierazpenak

Adarra Sariaren harira, adierazpenok egin ditu musika taldeak: “Sariak beti irribarre handi batekin hartzen ditugu, oraingoan baita malkoekin ere, gure izena Euskal Herriko artista hain handien ondoan ikustearen emozioaz. Guretzako musika beti izan da beharrizan bat eta gure ibilbidean zehar barrutik eta bihotzez sortzen saiatu gara. Maite duguna egiteagatik sarituak izateak oso harro sentiarazten gaitu. Harro gaude baita bidean izan ditugun lagunez, ereindakoaz eta bildutakoaz ere. Sari hau gu guztiona da. Ematen diguzuen maitasunarekin baietz beste 26! Eskerrik asko”.

10 urteko ibilbidea

Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortu zuen Adarra Saria, euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bati, urtero, omen egiteko. Orain arte Mikel Laboak, Ruper Ordorikak, Benito Lertxundik, Fermin Muguruzak, Anarik, Berri Txarrak taldeak, Kepa Junkerak, Amaia Zubiriak eta Joseba Tapiak jaso dute Adarra Saria.