Victoria Eugenia Antzokia munduko edozein lekutatik ezagutu ahal izango da www.victoriaeugenia.eus webgunean eskuragarri dauden hiru bisita birtual berrien bidez. Eraikinaren eta hainbat aretoren ezaugarriak bertatik bertara ikusteaz gain, antzokiaren alderdi teknikoak ezagutu ahal izango dira. Era berean, antzokiaren areto bat alokatu nahi dutenei zuzendutako bisita birtuala ere ikusgai da webgunean.

2024.05.23

Victoria Eugenia Antzokiaren, Donostiako Udalaren eta digitalizazio interaktiboan aditua den Emovere enpresa donostiarraren arteko lankidetzari esker, 1912an inauguratu zen antzokiak, aurrekaririk gabeko esperientzia digital murgiltzailea aurkeztu du.

Hala, antzokia barrutik ezagutu ahal izango da www.victoriaeugenia.eus webgunean dauden bisita birtual berrien bidez: ondarearen bisita, bisita teknikoa eta alokairuetarako bisita, bakoitza hartzaile ezberdinak erakartzeko diseinatua, bere ondareak erakartzen dituen herritarretatik hasi eta antzerkiko profesional edo ekitaldien antolatzaileetaraino.

Ondarearen bisita publiko orokorrarentzat eta historia eta kulturaren zaleentzat diseinatu da eta antzokiaren xehetasun arkitektonikoak, artelanak eta dekorazioa aztertzeko aukera ematen du. 

Bisita teknikoa antzerki konpainia eta artistentzat pentsatua dago. Bisita honek antzokiaren instalazio teknikoen ikuspegi zehatza eskaintzen du, agertokia, backstagea, kamerinoak eta zama-kaia barne. Tresna hau ezinbestekoa izango da beren ekoizpenetarako espazioa sakon ezagutu behar duten profesionalentzat.

Alokairurako bisita ekitaldietarako antzokiko espazioak alokatu nahi dituzten enpresa eta partikularrei zuzendua dago. Bisita honek eskuragarri dauden espazioen ikuspegia bere osotasunean eskaintzen du areto bakoitzaren fitxan, eta bezeroei aukera horiek beren gailuen erosotasunetik aztertzeko aukera ematen die.

Digitalizazioak bereizmen handiko argazkiak ditu, Tacktil softwarearekin integratuta zoom zehatzak eta ikuspegi paregabeak ahalbidetzen dituztenak antzokiaren ikuspegi erabat berria eskaintzeko. Lau hizkuntzatan eskuragarri, esperientzia digital hau edozein gailutatik eskura daiteke, bisitak edo ekitaldiak balioesteko eta plangintza egiteko modu berri bat eskainiz.

Victoria Eugenia Antzokiari dagokionez, bisita birtualez gain, berrikuntza bat izango da salmenta plataforman; izan ere, eserleku bakoitzaren ikuspegia zein den ikusi ahal izango da sarrerak erosi aurretik.