Musika Hamabostaldia San Telmon eta Victoria Eugenian abuztuan zehar
Abuztuaren 2tik 27ra izango dugu Donostian, baita Euskal Herriko beste hainbat herritan ere, Musika Hamabostaldiaren 83. edizioa. Donostia Kulturako bi gunek jasoko dituzte hainbat emanaldi: San Telmo Museoak eta Victoria Eugenia Antzokiak. Sarrerak musikahamabostaldia.eus webgunean eta Kursaal nahiz Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eskuratu ahal dira.
Victoria Eugenia: dantza, piano eta haurrentzako opera
Dantza izan da Musika Hamabostaldiaren azken edizioetako ardatzetako bat. Victoria Eugenia Antzokiak Ballet Flamenco de Andalucíaren El Maleficio de la Mariposa hartuko du abuztuaren 17an.
Víkingur Ólafsson islandiarra azken urteetako pianista txalotuenetako bat bilakatu da. Abuztuaren 22an egingo du debuta Musika Hamabostaldian.
Hirugarren proposamena hilaren 8an Easo Eskolaniako haurrak, Easo Gazte Abesbatza eta Escolanía Aila de Laredo protagonista izango dituen Itsasotik ikuskizuna da, R. Calmel konpositorearen Les chants de la mer lanean oinarrituta.
Bi ziklo San Telmo Museoan
Antzinako Musika Zikloa
Abuztuaren 4tik 20ra bitartean Antzinako Musika Zikloaren barruan kokatzen diren 5 kontzertu izango ditugu San Telmo Museoan iluntzeko 20:30ean:
- Abuztuaren 4an, La Ritirata & Josetxu Obregónek Francesco Mancini egile barrokoari buruzko monografikoa egingo dute.
- Abuztuaren 9an, Ludovice Ensemblek À l´Espagnole proposamena taularatuko du.
- Hilaren 12an, Al Ayre Español taldeak Henry Purcell konpositorearen sonatak ardatz dituen programa aurkeztuko du.
- Abuztuaren 19an, Egeria taldeak debutatuko du jaialdian eta Erdi Aroko Siziliara eramango ditu entzuleak.
- Azkenik, hilaren 20an, Ensemble Diderotek itxiko du zikloa El juicio de París izeneko proposamenarekin.
Ganberako Musika Zikloa
Ganberako Musika Zikloari ere San Telmo Museoak emango dio aterpe abuztuaren 6tik 25era. Hona hemen iluntzeko 20:30etik aurrera izango ditugun bost proposamenak:
- Iñaki Alberdi akordeoilariak irekiko du zikloa abuztuaren 6an: Suite diacrónica aurkeztuko du.
- Hilaren 10ean Trío Albéniz arituko da, El resurgir del Ave Fénix programarekin.
- Abuztuaren 16an Joaquín Riquelme biola-jotzaileak eta Enrique Bagaría pianistak osatutako duoak bere azken grabazio diskografikoa aurkeztuko du, Encounters.
- Cuarteto Quiroga abuztuaren 18an arituko da.
- Amaitzeko, hilaren 25ean izango da eta Quartetto Adorno izango du protagonista, jaialdian debutatuko duen talde italiarra.