Martxoak 27, Antzerkiaren Nazioarteko Eguna
Datorren ostegunean, martxoak 27, Antzerkiaren Nazioarteko Institutuak 1961. urtean sortu zuen Antzerkiaren Nazioarteko Eguna ospatuko da eta aurtengo mezua Grezian jaiotako Teódoros Terzópoulos idazle, zuzendari eta Antzerki Olinpiadaren Nazioarteko Komiteko Presidenteak idatzi du (euskarazko itzulpena: Ion Gil Fuentetaja). Egun horretako ospakizunen barne, XXV. Donostia Antzerki Sariko gala antolatu da Victoria Eugenia Antzokian.

Galaren hasieran Donostia Antzerki Saria emango zaie Hika Teatroko kideei, Zorretan lanagatik. Honekin batera, Juan Ignazio Mendizabal “Mendi”ren eskultura jasoko dute eta ondoren, lan irabazlea taularatuko dute Miren Gaztañaga, Iñake Irastorza eta Javier Barandiaranek.
Teódoros Terzópoulos-en mezua
Antzerkiak, errealitate birtualeko gelaxkan giltzaperatuta, bere indibidualismo itogarrian barruratuta dauden pobretutako hiritarrek osatzen duten mundu batean, gure garaiak bidaltzen duen SOS mezua entzun dezake? Kontrol eta jazarpen sistema totalitario baten baitan ematen den bizitza-espektroaren alor orotan existentzia robotizatuak dituen mundu batean?
Antzerkia hondamendi ekologikoaz, planetaren tenperaturaren igoeraz, bioaniztasunaren izugarrizko galeraz, ozeanoen kutsaduraz, glaziarren urtzeaz, baso-suteen areagotzeaz eta muturreko fenomeno meteorologikoez arduratzen da? Antzerkia ekosistemaren alderdi aktibo bilaka daiteke? Duela urte askotatik, antzerkia planetan ematen diren giza-eraginen fenomenoaren testigu izan da, baina zailtasunak izan ditu arazo horrekin interakzioan aritzeko.
Antzerkia, XXI. mendean eratzen den bezala, giza egoeragatik kezkatzen al da, non interes politiko eta ekonomikoek, informazio-sareek eta iritzi publikoa taxutzen duten enpresek herritarra gidatu eta erakartzen duten? Non sare sozialak, nahiz eta komunikazioa erraztu, horren zurigarri nagusi ere bihurtzen diren, bestearekiko ezinbesteko segurtasun-distantzia eskaintzen dutelako? Bestearekiko, desberdinarekiko, atzerritarrarekiko gure pentsamendu eta ekintzak azpiratzen dituen zehaztugabeko beldur sentimendu orokortu bat.
Antzerkiak desberdintasunen elkarbizitzaren lantegi baten antzera funtziona dezake, odola darion zauria kontutan hartu gabe?
Zauria odoletan dago, mitoa berreraikitzera deitzen gaitu. Eta Heiner Müllerrek dioen bezala, “mitoa metaketa bat da, makina bat, non etengabe egoki daitezkeen makina berri eta desberdinak. Energia bere baitan darama abiadura gorakorrak zibilizazioaren zirkulua lehertzen duen arte”; eta, gehituko nuke, basakeriaren zirkulua ere.
Antzokiko fokuak gizartearen zauria argizta al dezake eta norbera modu iruzurti batean argitzeari utzi?
Behin-betiko erantzunik onartzen ez duten galderak dira, antzerkiak erantzun gabeko galderei esker existitu eta luzaroan irauten duelako.
Dionisiok eragin zituen galderak dira, bere jaiotokia den antzinako antzokiko temenosetik pasata; gaur, nazioarteko antzerkiaren egunean, guda paisaietatik bere errefuxiatu bidaia isiltasunean jarraituz.
Begira diezaiogun begietara Dionisiori, antzerki eta mitoaren estasi-jainkoa, iragana, oraina eta etorkizuna bateratzen dituena, bi jaiotzeko semea, Zeus eta Semelerena, identitate fluidoak adieraziz, emakumezko eta gizonezkoa, amorratu eta otzana, jainko eta animalia, eromen eta arrazoimenaren, ordena eta kaosaren arteko atarian, bizitza eta heriotzaren arteko mugaldean orekari. Dionisiok “zeri buruz ari da?” funtsezko galdera ontologikoa planteatzen du, sortzailea mitoaren erroa eta giza enigmaren dimentsio anitzak gero eta sakonago ikertzera bultzatzen duen galdera.
Memoria lantzeko eta etika eta erantzukizun politiko berri bat itxuratzeko narrazio-modu berriak behar ditugu, egungo Erdi Aroko aldeaniztun diktaduratik ateratzeko helburuarekin.