Literaktum 2024ren bigarren astea martxan da
Aurtengo edizioaren erdia igarota, Literaktum jaialdiaren bigarren astea ere jardueraz beteta dator.
Hasteko, azaroaren 19an Fatma Aydemirrek Demonios bere azken lana aurkeztuko du Ernest Lluch K.E.n, 19:00etan, Luisa Etxenikerekin solasean. Ordu berean, kasu honetan Victoria Eugenia Antzokiko Club aretoan, Mikel Ayllonen Hau ez da gerra bat lanaren irakurketa dramatizatua eskainiko dute Piszifaktoria Ideien Laborategiko kideek.
Azaroaren 20an, El Salvadorreko Javier Zamora idazleak, bederatzi urte besterik ez zituela, bere herritik Estatu Batuetara bakarrik eginiko bidaiaz arituko da, Solito bere eleberriaren aurkezpenean. Arratsaldeko 19:00etan izango da ekitaldia Okendo K.En eta Iban Zaldua izango du solaskide. Ordu berean, Kaxilda liburu-dendan Componer un mundo en común. ¿Por qué necesitamos a Bruno Latour? Aurkeztuko du Juan Manuel Zaragozak, EHUko Antonio Casado irakaslearekin elkarrizketan. Hirugarren ekitaldi bat ere izango da azaroaren 20an. Joseba Sarrionaindiak, Markos Gimenoren Karteletrak Ernest Lluch K.E.n bertan ikusgai dagoen erakusketaren bisita gidatua egingo du, Aritz Gorrotxategi solaskide duela.
Azaroaren 21ean aldiz, San Telmon izango da lehen hitzordua. Antonio Monegalek El silencio de la guerra entsegua aurkeztuko du Santi Erasorekin batera, 19:00etan. Victoria Eugeniako Club aretoan aldiz, Andoni Salamerok eta Pello Ramirezek Gernika, ikur bat baino gehiago errezitaldi musikatua eskainiko dute.
Literaktum Txikia
Azaroaren 20an bi hitzordu izango dituzte literatur zale gazteenek.
Tomasene K.E.n, 17.30ean, Boli bili boli: paperezko txotxongiloak, Juan Kruz Igerabideren testuetan oinarritutako antzezlana eskainiko du Pantzart antzerki konpainiak.
Horrez gain, Egia K.E.n, 18:00etan, ipuin kontalariak, musika, jolasak eta sorpresa ugari izango dira. Haurren Egun Unibertsalaren 8. festa izango da.
Informazio guztia Literaktum.eus webgunean dago. Egun hauetako argazkiak Flickr-en ikus ditzakezue.