Lehenengo asteko programazioak harrera arrakastatsua izan eta gero, jaialdia bere azken txanpan sartuko da interes handiko hitzorduekin.

2023.11.20

Gaur, astelehena, hilak 20, iluntzeko 19:00etan Patxi Zubizarreta Victoria Eugenia Cluben izango da Aiora Jakarekin Loak ezkutatzen duena eleberriaren inguruan solasean aritzeko. Ordu berean,  Okendo Kultur Etxean, Alejandro Gándara Olga Granderekin elkartuko da Primer amor obrari buruz hitz egiteko.

Bihar, asteartea, bi aukera egongo dira Literaktumen. Santa Teresa komentuan La alerta amorosa hitzaldia emango du Ramon Andrések. Aurkezle eta gidari lanetan izango da Ruth Pérez de Anucita. Victoria Eugenia Cluben Ángel Marco eskarmentu handiko aktore eta irrati-esatariaren ahotsean gozatu ahal izango da Cosas de Onetti ipuin sorta.

Asteazkenean, Ray Lorigak Kutxa Fundazioa Klubean Cualquier verano es un final nobela aurkeztuko du. Horretaz gain, Ni komiki bat naiz! Mikel Laboa iruditan solasaldian izango dira Unai Iturriaga, Harkaitz Cano eta Joseba Larratxe egileak Okendo Kultur Etxean.

Ostegunean, Nerea Baldak Azpimarrak nobelaren berri emango du Parte Zaharreko Elkar Aretoan. Gainera, beste bi jarduera berezi izango dira. Intxaurrondo Kultur Etxean Film laburren emanaldia proiektatuko da eta Victoria Eugenian La lucha por la vida antzerkia taularatuko da 19:30ean.

Ostiralean, arratsaldeko 19:00etan, Patri Urkizu lagunartean omenaldia antolatu dugu Victoria Eugenia Cluben. Patri Urkizu Sarasua irakasle, ikertzaile, idazle eta adiskidearen ibilbidea izango da hizpide. Ekitaldian hitzak, irudiak eta musika uztartuko dira. Era berean, Patri Urkizuren lan guztiak biltzen dituen gida bibliografikoa argitaratu da. Gidaren aleak egunean bertan banatuko dira sarreran. Ale gehiago egongo dira eskuragai udal liburutegietan eta online ere ahal izango da lortu.

Informazio guztia Literaktumen webgunean dago. Egun hauetako argazkiak Flickr-en ikus ditzakezue.

LITERAKTUM 2023