Giza Eskubideen 22. Zinemaldia apirilaren 4tik 11ra bitartean garatuko da
Bidasoako mugako migratzaileen egoera, AEBko eskubide zibilenaldeko borroka eta Argentinako mobilizazio sozialak, pertsona gorren eta riderren eskubideak eta Mexiko DFko garbitzaileei zuzendutako begirada izango dira gaietako batzuk zinemaldiko filmetan eta solasaldietan.

Faisaien Irla (La Isla de los Faisanes) (2025) euskal ekoizpenak, Asier Urbietak zuzenduta, inauguratuko du apirilaren 4an Victoria Eugenia Antzokian Donostiako Giza Eskubideen 22. Zinemaldia, Udaleko Giza Eskubideen sailak eta Donostia Kulturak antolatuta.
India Donaldsonek zuzendutako Good One (2023) film estatubatuarrak itxiko du zinemaldia apirilaren 11n, Victoria Eugenian, film luze eta laburren sariak banatuko diren gala batean.
Zinemaldiaren itxierako ekitaldian ere, Helena Taberna zinemagile nafarrak bere ibilbide osoari emandako sari berezia jasoko du.
Proiekzioak batez ere Victoria Eugenia Antzokian izango dira. Emanaldi batzuk Antzoki Zaharrean egingo dira, tartean Zinema eta Biktimologiako II. Zikloan sartzen diren bi filmak. Tabakaleran hiru film proiektatuko dira, Zinema eta Memoria zikloa osatzen dutenak. Aurten, guztira, 25 herrialdetako 48 film programatu dira (25 film luze eta 23 labur).
Zinema programazioa ia egunero osatuko da protagonisten, zinemagileen eta landutako gaietan adituak diren pertsonen solasaldiekin.
Guztira, goizeko 9 emanaldi eskainiko dira Antzoki Zaharrean, hiriko ikastetxeentzat. Adin-taldearen arabera aukeratutako filmak dira: Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz (2024), Basatiak (2024) eta Mariposas negras (2024). Film horietarako gida didaktikoak garatu dituzte Marramiau Sorkuntza Taldeak, Rita & Luca Filmsek eta Ikertzek, hurrenez hurren.
Giza Eskubideen Zinemaldiak Tentazioa konpainiaren Interview – Urez eta hondarrez ikuskizunaren estreinaldia ere aurkezten du, Telmo Iruretak zuzendutako De agua y arena film laburrean oinarritua. Emanaldia euskaraz izango da, apirilaren 2an, asteazkena, Victoria Eugenian.
Bestetik, 3 erakusketa izango dira zinemaldiaren programazioan.
Giza eskubideei buruzko Konekta TÚ online jokoa ere egingo da, Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundeak antolatua, parte-hartzaileek arlo horretan dituzten ezagutzak proban jartzeko.
Gainera, bi mahai-inguru izango dira zinemaldian. Alde batetik, Gaza bajo los escombros. Crónica de un horror, Amnistia Internazionalak, Mugarik Gabeko Medikuek eta Centre Delàs d'Estudis per la Pauek antolatua, martxoaren 31n, Victoria Eugeniako Club Aretoan. Eta Zehar – Errefuxiatuekin erakundeak Narratibak ehunduz topaketa aurkeztuko du espazio berean, migrazioei eta pertsona migratuei buruz hausnartzeko.
Zinemaldiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa du, Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren Zuzendaritza Nagusiaren bidez, eta Eusko Jaurlaritzarena, Giza Eskubideen eta Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren bidez, baita GKEen eta hainbat erakunderen laguntza ere, tartean hauena: Zehar, Unicef, Gehitu, Amnistia Internazionala, Acnur, SOS Arrazakeria eta FiSahara.
Zinemaldiaren helburua da kalitatezko zinemaren bidez giza eskubideen defentsaren eta urraketaren hainbat alderdiri buruzko hausnarketa, sentsibilizazioa eta eztabaida bultzatzea, baita justizia eta ekitate sozialarekin konprometitutako herritartasun aktiboa sustatzen laguntzea ere.
SARRERAK
Sarrerak (5 €) martxoaren 28tik aurrera, ostirala, 11:30ean, jarriko dira salgai Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugeniako leihatiletan eta Donostia Kulturaren webgunean.
Doako saioetarako gonbidapenak hilaren 28an bertan jarriko dira publikoaren eskura bi antzokietako leihatiletan, baita online ere.
Interview – Urez eta hondarrez ikuskizunerako sarrerak (10 €) salgai daude jada. Zinema eta Biktimologia Zikloko bi saioetarako gonbidapenak ere eskura daitezke.