Bosgarren urtez egingo den Gure Ahotsak ekimenak formatua aldatuko du eta martxoaren 3tik 7ra emakumezko musikarien bost kontzertu izango dira Victoria Eugenia Antzokiko oholtzan. Hurrenez hurren, Natalia Lacunza, Olatz Salvador, La Bien Querida, Maite Larburu eta Neomak bakarlari eta taldeen emanaldiez gozatu ahal izango dugu. Sarrerak abenduaren 7an jarriko dira salgai, goizeko 11:30ean, Victoria Eugenia eta Antzoki Zaharreko leihatiletan, baita donostiakultura.eus/sarrerak helbidean ere.

2022.12.05

Ekimena iragartzeko kartela Paula Estévez ilustratzaile eta musikariak egin du eta Gure Ahotsak ekimenean parte hartzen duten emakume musikarien eta haiek jotzen dituzten instrumentuen aniztasuna irudikatzen du.

2023ko kartela honako talde eta bakarlari hauek osatzen dute:

Natalia Lacunza, martxoak 3, Victoria Eugenia.

Olatz Salvador, martxoak 4, Victoria Eugenia.

La Bien Querida, martxoak 5, Victoria Eugenia.

Maite Larburu Trio, martxoak 6, Victoria Eugenia Club.

Neomak, martxoak 7, Victoria Eugenia.

Donostia Kulturak indarberritu egingo du horrela 2019an, gure lurraldeko emakumezko musikariek duten maila artistiko aparta azpimarratzeko asmoz, abiatu zuen Gure Ahotsak egun bakarreko kontzertua. Emakumeen sormenari bide emateaz gain, musikari hasiberriak eta eskarmentudunak oholtza gainean elkartzea du xede Emakumearen Nazioarteko Egunaren bueltan antolatzen den ekimenak.

2019ko emanaldian Sara Mansilla, Olatz Salvador, Elena Setién eta Izarok parte hartu zuten; 2020an Ainhoa Larrañaga, Sara Zozaya, Maren eta Belako izan ziren oholtzan; 2021ean Idoia, La Basu eta Niña Coyote eta Chico Tornado (iragarrita zegoen Matilda taldeak ez zuen parte hartu osasun arrazoiengatik), eta iaz Ainara Legardon, Miren, Verde Prato eta Eneritz Furyak.