Itxaropenez beteta hasi da XXX.dFERIA
XXX. dFERIA, Donostiako arte eszenikoen jaialdia, ikusmin handiarekin hasiko da gaur. Martxoaren 14ra arte ospatuko den feriak dantza eta antzerki-ikuskizunen programazio zabala eskaintzen du, baita sektorearentzako jarduera profesionalak ere.
Cidanz produccionesen eskutik, Burgos New York Dantz dantza emanaldiarekin emango zaio hasiera jaialdiari, Burgos & New York 2023 Nazioarteko Koreografia Lehiaketan saritutako lan finalistak eta irabazleak biltzen dituena eta 10 minutuko dantza piezak esakainiko dituena. Gaurko beste obra nabarmenetako bat Forever da, Kulunka Teatrok Zentro Dramatiko Nazionalarekin egindako koprodukzioa. Emanaldia Victoria Eugenia Antzokiko areto nagusian izango da eta familia baten istorioa kontatzen du gaiak umorez eta ironiaz tratatuz. Gainera, dFERIAn euskarazko lanik ere izango da, Bihar Arte Soilik izenekoa esaterako, harreman irekiei eta sexualitatea ulertzeko modu berriei buruzkoa.
dFERIAren jarduera profesionalei dagokienez, ongietorri ekitaldi batekin emango zaie hasiera, non dFERIAren zuzendaritzak eta Instituto Italiano di Cultura di Madridek bat egingo duten parte-hartzaileei ongietorria emateko eta jardunaldiaren hasiera ospatzeko. Jarraian, Melania Olcinaren La declamación muda obra aurkeztuko da, Jorge Moreno tronbonistarekin elkarlanean. Proposamen horrek soinu-espazio eta zuzeneko musikaren aldeko apustua egiten du, gainera, musikaria eta bere instrumentua material koreografikoaren funtsezko zati gisa txertatu nahi ditu.
Arratsaldean, Tabakaleran, bazkari baten inguruan topaketa bat egingo da, txoko sektoriala deiturikoa. Esparru horretan, parte hartzen duten profesionalek esperientziak partekatu, harremanak egin eta lankidetza aukera berriak sortu ahal izango dituzte.