Liburuaren Nazioarteko Egunean, apirilaren 23an, Donostia Kulturak, Gipuzkoako Liburudenden Elkartearekin batera, azoka antolatuko du Gipuzkoa plazan, 9:15etik 20:00etara. Haur zein helduentzako ekitaldi ugari izango dira baita Aiete, Okendo eta Tomasene Kultur Etxeetan eta Victoria Eugenia Cluben ere.

2024.04.16

Liburu denden salmahaiez gain, Donostia Kulturako Liburutegi Zerbitzuak informazio gune bat izango du Azokan. Bertan eguneko programari buruzko informazioa emango da, baita liburutegien zerbitzuei buruzkoa ere. Hurbiltzen direnentzat orri-markatzaileak egongo dira eskuragarri, Ana G. Lartitegui ilustratzaileak liburuaren eguna dela eta diseinutakoak.

Helduentzako jarduerak

Apirilaren 23an, besteak beste, goizeko 10:30ean, abiatuko da De paseo por el San Sebastián de Luis Martín Santos ibilaldi literarioa, Javier Minak gidatuta. Bertan parte hartzeko eskaera egin behar da alderdiederliburutegia@donostia.eus emailean. 

Aurtengo azokako idazle gonbidatua Harkaitz Cano da. 12:00etan Itziar Ugartek elkarrizketatuko du eta ondoren, liburuak sinatzen izango da.

13:45ean, Luis María Jiménez de Aberasturik Javier Sada, Donostiako kronista, elkarrizketatuko du.

Azken orduan, 19:00etan, Liluratu! Irakurle taldeen gomendioak saio parte-hartzailea izango da, non Donositako 20 taldeetatik 13 taldetako kideek parte hartuko duten. Ylenia Benitok dinamizatua izango da saioa.

Kultur Etxeetako helduen programazioari dagokionez, 12:00etan Okendon Liburu Debekatuak irakurketa musikatua izango da Egia eta Okendoko solaskideekin, ele bitan.

Egun berezi honen harira, Victoria Eugenia Antzokiko Club aretoan 19:00etan Mercedes L. Caballeroren 10 emakumek, mundua dantzan haurrentzako liburu ilustratuaren aurkezpena izango da ele bitan.

Haurrentzako jarduerak

Haurren ekitaldiei dagokionez, Gipuzkoa plazako azokan, 17:30ean Amona Tomaxaren sari banaketa izango da eta, jarraian, ipuin kontaketa.

Tomasene Kultur Etxean, Ameli & Xirrikituen jostunek Basoko sekretuak ipuin kontaketa musikatua eskainiko dute 18:00etan.

Aiete Kultur Etxean, egitarau osagarri modura, apirilaren 20ean, Hazia antzezlana eskainiko du Didau Antzerki Faktoriak 17:00etan.

Azokako programazio osoa: 2024ko Liburuaren Nazioarteko Eguna.