11.088 parte-hartzaile Giza Eskubideen 21. Zinemaldian
Donostiako Giza Eskubideen 21. Zinemaldiak, hiriko Udaleko Giza Eskubideen arloak eta Donostia Kulturak antolatuta apirilaren 12tik 19ra bitartean garatuak, publikoaren erantzun bikaina eta euskal zinemaren presentzia nabarmena izan du, baita palmaresean ere.
Zinemaldiak Indarkeriaren oi(h)artzunak (Publikoaren Saria) eta Muerte en Amara dokumentalen erabateko estreinaldia hartu du, baita Nina filmaren euskal estreinaldia ere. Bestalde, lau euskal film laburrek parte hartu dute formatu honetako nazioarteko sailean.
Fernando Leóni emandako ohorezko sariak inauguratu zuen zinemaldia, presentzia interesgarriez betea. Izan ere, Benito Zambrano, Andrea Jaurrieta, Amaia Merino eta Ander Iriarte zinemagileen lanak eta Tamara Muruetagoienaren, José Antonio Luengo psikologoaren eta Carmen López Alonso katedradunaren testigantzak bildu zituen. Bestetik, Ukraina, Palestina eta osasun mentala izan ziren interes handiena piztu zuten gaietako batzuk.
8.001 ikusle bertaratu dira Zinemaldiko filmen proiekzioetara: 4.920 Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko 21 emanaldietara; 2.790 ikasle Victoria Eugenia Antzokiko goizeko 9 emanaldietara, eta 291 Tabakaleran Zinema eta memoria zikloaren barruan programatutako hiru emanaldietara.
1.585 pertsonak bisitatu dituzte antolatu diren 4 erakusketak: Pakistan: Indusen ibaibideak (Aiete Kultur Etxea, ekainaren 9ra arte irekia), 26. Luis Valtueña Nazioarteko Saria – Argazkigintza Humanitarioa (Okendo Kultur Etxea, ekainaren 15era arte irekia), Artea eta Giza Eskubideak, haur eta gazteen 20. ekitaldia (Victoria Eugenia Antzokia) eta Baloreak (Udal Liburutegi Nagusia, maiatzaren 4ra arte irekia).
Gainerako jardueretan 1.502 pertsonak parte hartu dute, hauetan hain zuzen ere: Mugi TÚ online jokoa, maiatzaren 4ra arte aktibo; Lamine Thiorren Españul monologoa Antzoki Zaharrean; eta Amnesty Internationalek antolatutako Protestar no es un crimen mahai-ingurua.
Guztira 11.088 ikuslek parte hartu dute Zinemaldian.